
2030 Agendako helburuetatik lurra-ura hartzera
Author(s) -
Ane Zabaleta,
Eñaut Izagirre,
Maite Meaurio,
María Valiente,
Jesús A. Uriarte,
Iñaki Antigüedad
Publication year - 2021
Publication title -
ekaia
Language(s) - Ngandi
Resource type - Journals
eISSN - 2444-3255
pISSN - 0214-9001
DOI - 10.1387/ekaia.22113
Subject(s) - geography
Garapen iraunkorrerako 2030 Agendak dituen hiru dimentsioei ( ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) lurraldekoa gehitu behar zaie, ekintza-planak gauzatzeko ezinbesteko ingurune fisikoa. Hortik dator hidrologiatik ari garen ikertzaileok iraunkortasunari egin diezaiokegun ekarpena: Ura eta Lurra uztartuta lurralde dinamikoak erresiliente egiteko bidean ezagutza sortzea, erabakietan eragiteko. Iraunkortasunaren zutabe hartuta, uraren kudeaketan ohikoa den ibai-ikuspegia aldatu eta arro-ikuspegia ezarri beharra dugu, ibai-arroa (ura + lurraldea) lurralde antolamenduaren oinarrizko unitate bio-fisiko bihurtuz. Horrela, klima-aldaketaren aurrean ezartzen diren arintze eta egokitze politiken bateragune bihurtzen da ibai-arroa, bi estrategia horien arteko sinergiak eta helburu-gatazkak identifikatzea erraztuz. Izan ere, klima-aldaketarekin lotutako mundu mailako arintze-politikak karbonoaren bahitzean, eta honi lotutako lurraldearen basotzean, oinarritzen dira hein handi batean, basotzeak klima-aldaketara egokitzeko ekar ditzakeen albo-kalteak kontuan izan gabe. Lurraldearen funtzio hidrologikoek ur kantitatean, kalitatean, kokapenean eta denboran eragina dute, ura metatuz, mugituz eta eraldatuz. Beraz, lurraldeak duen uraren erregulatzaile funtzioa onartuz gero, baliabide hidrologikoen kudeaketa ulertzeko modua aldatuko litzateke eta egokitzera bidean lurraldearen kudeaketan zerbitzu hidrologikoak barneratzea erraztuko ere. Horretarako, tokiko eskalari lotutako ezagutza eta helburu desberdinen arteko gatazkei eta sinergiei dagozkien ezagutza beharrezkoa da. Zentzu honetan, bizi dugun ziurgabetasunen aroan ikerketa-bide nagusiak horiek argitzera bideratu beharko genituzke, haiek egoki kudeatzeko eta ezagutzak informatutako erabakiak hartzeko, ohiko inertziak gaindituta, kudeaketa-paradigma aldatuta. Hortaz, lurralde-dinamikak birbideratzeko borondate sozio-politikoa behar da, naturak lekuan leku eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemikoen mugetara egokitzen den garapen-eredua barneratuz, Lurra eta Ura lurraldearen ardatzean jarrita, munduko edozein herrialdetan